Pitxintxu

1978 - 2012

Pitxintxu 1978ko apirilaren 22an sortu zen Elgoibarren, liburuaren egunaren bezperan. Izakun eta Marijose ahizpok sortu genuen denda gurasoen laguntzarekin, eta ganorazko soldata bat izatea urteak kosta zitzaigun arren, lan asko eginda eta ordu asko sartuta, 33 urte luzetan, liburuak ardatz hartuta, liburu-denda baino gehiago bihurtu da Pitxintxu. Egun, lau emakume gabiltza urte osoan dendan lanean, eta familiaren laguntza jasotzen dugu gabonetako mugimendu handiko egunetan. Herrian oso ezaguna den denda da, opariak saltzeaz gain, herriko kultur eta aisi-ekitaldietarako izen-emateko eta sarrerak lortzeko lekua izan baita gure dendan. Herriaren erdi-erdian gaudenez, eta jaio berrietatik hasi eta 100 urte arteko edadetuentzako gauzak aurki daitezkeenez, beti izaten gara lanez gainezka, baina oso gustura beti, Pitxintxu, guretzat, ez delako negozio bat bakarrik.

Urteko hil guztietan dago denda zabalik, eta garaiaren arabera, lan-karga ezberdina izaten dugu. Urte guztian zehar aritzen gara era guztietako opariak saltzen, eta gabon garaian izugarri handitzen da lan hori. Urtarrila eta otsaila inauteriei begira ematen dugu, mozorroak egin, osagarriak saldu… eta urtero-urtero sortzen dugu Pitxintxuko dendariok inauterietako gure txiringito propioa. Udaberria da demndako garai lasaiena, baina apirilean eta maiatzean ere izaten da lana; hala nola ezkontzetarako eta jaunartzeetarako opariak, bordaketak… Udaren amaieran ikasturte hasiera dela eta, mugimendu handia izaten da dendan, ikas materiala, liburuak eta ikasketekin loturiko gainerako guztia salduz.

Urteak joan eta urteak etorri, gure eskaintzara berrikuntzak sartzen saiatu gara, teknologia berrien erabilera bultzatzen eta etengabe berziklatzen. Webgune honetan guri buruzko informazio ugari aurkituko duzu, baina gu ezagutzeko onena gure denda bisitatzea duzu, Elgoibarko San Franzisko kaleko 27. zenbakian gaude.

Eskerrik asko guztioi, zuen zain gaude!